XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

c. Erakarpen-indarra agertzeko, kontrako karga-motaz kargatu behar dira bi globoak, adibide berari jarraituz.

Eta hori gertatzen da paperaz eta borragomaz edo azetato-orriaz igurtzitzean. Paperak globo bati karga negatiboak ematen badizkio, adibidez (ez baitago, printzipioz, jakiterik), eta hau negatiboki kargatzen badu, karga negatibo gehiago izango du positiboak baino, eta orduan azetato-orriak kendu egiten dizkio beste globoari, karga positiboak soberan geratuz eta globo hori positiboki kargatuz. Horregatik erakartzen dute elkar.

Beheko koadroan, positiboki eta negatiboki kargatzen diren zenbait materialen zerrenda ageri da.

Zerrenda hori ikusita uler daiteke zergatik globoak paperez eta larruz igurtziz aldarapena agertzen den: globoei karga negatiboak ematen dizkiete biek, eta bi globoak negatiboki kargatzen dira.

d. Indukzioaren gertaera oso nabarmena da. Pendulua, ileak edo hariak gorputz kargatuei hurbiltzean, oso ondo ikusten da.

Baina azalpena zaila da, beste aldagai bat hartu behar baita kontuan karga-motaz gain: distantzia, hain zuzen. Indar elektrikoak ahuldu egiten baitira distantzia handitzean.

Hala, bada, pendulu neutroa, karga positiboen eta negatiboen kopuru berdinak dituena, lastotxo kargatura hurbiltzean (demagun negatiboki kargatuta dagoela), penduluko karga positiboek, erakarrita, lastotxorantz egiten dute, eta negatiboek, aldaratuta, kontrako alderantz.

Hartara, penduluan kargak bananduta geratzen dira.

Eta positiboak lastotxotik negatiboak baino gertuago geratu direnez, lastotxoko negatiboei eragiten dieten erakarpena handiagoa da penduluko negatiboen eta lastotxoko negatiboen artean dagoen aldarapena baino, eta lastotxoak erakarri egiten du pendulua.

Hau guztia 1. mailako liburuan azaldu zen, telebista-pantailaren eta ileen adibidea hartuz, eta komenigarria izan daiteke berrikustea.

e. Adibide berari jarraituz, aipatutako erakarpena dela-eta penduluak lastotxoa ukitzen duenean, lastotxoak soberan dituen karga negatibo batzuk pasatuko dizkio penduluari eta, nahiz eta pasatutako karga negatibo horiek beste alderantz joateko joera izan (lastotxoak ez baitizkio soberan dituen karga negatibo guztiak penduluari pasatzen eta, beraz, negatiboki kargatuta jarraitzen du), pendulua ere negatiboki kargatuta geratzen da, eta aldarapena agertzen da.

f. Hasieratik desberdindu nahi dira gertaera elektrikoak eta magnetikoak.

Azken hauek ikasgaiaren bukaeran landuko dira, baina orain iman-pare bat gelara eraman eta propietate elektrikoekiko dituzten desberdintasunak ikus daitezke.

Besteak beste, imanak ez dira igurtziz kargatzen; ezin dira deskargatu; iman bakoitzak bi karga magnetiko mota ditu, eta, hala, bi imanek erakarri eta aldaratu egiten dute elkar, segun eta zein aurpegi erakusten dioten elkarri.